XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Karisma ez da ulertu behar halako mirari modu bat bezala, lehenago gertatu denarekin edo bere agerpenaren testuinguru sozialarekin zer ikusirik gabe gertatzen dena. Historian ez da ezer iraganarekiko loturetatik libre. Bestalde, Weberrek bere karismaren teorian oso xehero azaltzen duen bezala, mugimendu karismatikoaren ikaragarrizko grinak oso bakan besterik ez du irauten belaunaldi bat baino gehiago.

Karisma, Weberrek esan zuen bezala, ezinbestean egiten da ohikotu (rutinizatu), hots, gizartearen egituren barruan berrintegratzen da, erradikaltasun puska eder bat galduta.

Profeten ondotik aita santuak etortzen dira, eta iraultzaileen ondotik administradoreak. Behin iraultza erlijioso edo politikoaren lurrikara handia joan eta jendea finkatu denean ustez ordenu berri baten pean bizi izateko, beti eta ezinbestean gertatzen da aldaketak ez direla hasieran iduri zuten bezain erabatekoak.

Sukarraldi iraultzailea hozten hasten den unean, irrits ekonomiko eta politikoak gainentzen dira. Lehengo ohitura zaharrak berrindartzen dira, eta iraultza karismatikoak sorturiko ordenu berria hasten da antz kezkagarriak hartzen hainbesteko indarkeriaz erauziriko ancien régime-rekin.

Norberaren baloreak zein diren, horrek kezkatu edo lasaitu egiten du. Guri interesatzen zaiguna, ordea, ez da errebelamenduak luzera begira historian zehar izan duen ahultasuna, baizik eta errebelamendua gertatu ahal izateko posibilitatea bera.

Kontu honi gagozkiola, azpimarratzekoa da Weberrentzat karisma indar eragile nagusienetako bat izan dela historia guztian zehar, nahiz eta argiro ohartu zen beti ere oso bizi laburreko fenomenoa izaten dela. Baina karismaren ohikotzean zehar eredu zaharrak nahi den bestean berrager badaitezke ere, mundua ez da behin ere lehengo hura berbera izanen.

Iraultzaileek nahi edo espero zuten baino askoz txikiagoa izanik ere, aldaketa gertatu egiten da. Zenbaitetan, denboraren joanarekin baino ez da agertzen zein sakon gertatu den aldaketa. Horrexengatik huts egiten dute historian zehar erabateko kontrairaultzako ahalegin gehien-gehienek, Trentoko Kontzilioa edo Vienako Kongresua bezalako gertakariek agerian uzten duten gisan (lehenbizikoa, Erreforma erlijiosoa deuseztatzeko ahalegina izan zen, XVI. mendean, eta bigarrena, berriz, Europako mapa politikoa berregiteko ahalegina Napoleonen inperioaren amaieran).

Gure perspektiba soziologikorako hortik atera behar den irakaspena aski sinplea da, kasik bista-bistakoa, baina ez ordea esangura txikikoa irudi orekatuago bat lortzeko: predefinizioaren Leviathan munstroari, egin egiten ahal zaiola aurka, eta gainera efikaziaz. Edo gauza bera bestera jartzeko, gure lehengo argudioaren arabera: badugula ahalbidea uko egiteko historiarekin elkarlanean aritzeari.

Durkhéimek eta antzekoek gizarteari buruz dituzten ikuspegiek ematen duten errukigabetasun inpresioa, inexorabilitate inpresioa, zati batean behintzat zeretik dator, hots, prozesu historikoari berari behar besteko arreta ez eskaintzetik.